Egun hauetan sare sozialen batean ikusi dut zale zurigorrien artean oso ezaguna dugun Mikel Urkizu bezalako jarraitzaile zintzo batzuk Kopako finalerako sarrerarik gabe geratu direla. Athleticeko bazkidea naiz duela 30 urtetik, eta, zoritxarrez, zozketan ere ez dut zorterik izan, Klubeko masa sozialaren erdia baino gehiago bezalaxe. Hala ere, La Cartujako finalean Klubeko bazkide ez diren pertsonak egongo dira, sarrera egokitu zaion eta, arrazoi batengatik edo besteagatik, erabiliko ez duen bazkideren baten senitartekoak, gertukoak edo ezagunak direlako. Gainera, pertsona batzuk, bazkideekiko inolako loturarik gabe, finalera joango dira bazkideren batek sarrera saldu diolako (nominala izateak ez du eragotziko saltzea). Aitortzen dut egoera horrek guztiak nahigabetuta sentiarazten nauela, ez baitzait bidezkoa iruditzen Athleticeko zuzendaritzak sarrerak banatzeko ezarritako sistema. Sarrerak bazkideentzat direla premisa ain-tzat hartuta, nire ustez, saridunek erabiliko ez dituztenak egokitu ez zaizkien bazkideei itzuli beharko litzaizkieke, bigarren zozketa baten bidez. Nire ustez, egokiagoa litzateke sarrerak banatzeko planteamenduarekin, eta ez lioke hainbesteko nahasmenik eragingo Ibaiganeko zuzendari-tzari. Gora Athletic!