Historia luzea, erakargarria eta berezietan bereziena du Athletic-ek, hemen bertan jaioak edota harrobian hazitako jokalariak ditugu, eta horri eustean, bakarra dela diogu munduan, “unique in the world”.

“Herrian sortu zinelako, maite zaitu herriak”, halaxe dio Athleticen ereserkiak. Eta hala da, mundu zabal eta globalizatu honetan eta hain lehia gogorreko futbolean, adorez eta indarrez, belaunaldiz belaunaldi, horri eusteak zer den erakusten digu. “Haritz zaharraren enborrak loratu dau orbel barria”.

Bagara lelopean, “Harro herri” zioen oraintsu ospatu den aurtengo korrikak. Eta harrotasuna eta herritasuna eskeintzen digu Athleticek eta horixe goratzen du munduan.

Mallorkako entrenatzaile karismatikoa eta jakituna dugun El Vasco Agirrek zera zioen, txiki txikitatik, han Mexikon, bere etxean, Athletic bizi izan dutela betidanik, gurasoak euskaldunak eta berauen grina eta sentipena sartu ziotela.

Bere gelan, umezaro guztian, Athleticen kartela zintzilikatuta zegoela eta noizbait nahi izango zukeela Athleticen jokatzea edota jokalarien zuzendaritzan egotea, baina zer diran “patuaren paradoxak”, oraingoz behintzat ez du aukerarik izan.

Honetan ere, gogoan dut orain urte batzuk Javier Clementerekin tartetxo baten izan nintzala eta zera ziostan: “Ni neu Athleticek duen filosofiaren aldekoa naiz eta ez genuke inoiz galdu behar baina, bertan jaiotzetik at, bada historian zehar eta egun ere, beste errealitate bat”. Hau da, hemendik kanpora joan behar izan zutenen ilobek zergatik ez lukete ba Athletic-ken jokatu behar izango, hau da, El Vasco Agirre jokalari zelarik, edota Uruguaien jaiotako Diego Forlanen amona euskalduna zen baina ezin izan dute Athleticen jokatu.

Kontu izan XIX. mendean eta XX. hasieran, Euskal Herriko populazioaren herena erbesteratua izan zela, baina nahiz eta beraietako askok, gure lurraren kide diren eta Euskal herriarekiko atxikimendu berezia sentitzen duten arren, haien ondorengoek Athleticen jokatzerik ez dute.

Clemente berak, honako hau ere ziostan: bere semea edo iloba demagun Bruselan jaiotzen dela eta han hazi dela, ba, ¿ez luke Athleticen jokatzerik izango? Hala ere, oraintsu berak esana da: benetako historia, lan egiteko era da; besteengandik ezberdin lan egiten ez baduzu, zaila izango da besteak gainditzea”.

Nolabait, garen lekukoari eusteak, nortasuna, sena eta indarra erakusten digu eta bakoitzak bereari eutsiz eta beste inor gaitzetsi gabe, Mallorkako zaleek ere, halaxe kantatzen zuten: “El Mallorca es un sentimiento que se lleva, se lleva muy adentro”.

Dena den, batera edo bestera izan, egunotan Bizkaian eta Athleticen zale garen milaka lagunen artean, historia berritu honetan, arbasoen memoria daramagularik, ospakizun egunak datozkigu. Berrogei urte ondoren, erantzukizun galant honen lekuko eta parte hartzaileak gara. Eta futbolean, bizitzako beste alor guztietan bezalaxe, unean uneko nahiak, pozak, tristurak eta etsipenak biziz eta itxaropena inoiz galdu gabe, lanarekin eta sufrimenduarekin etortzen dira garaipenak.

Ernesto Valverdek ere zera zioen: “Bagenekien zer esan nahi duen Kopak Athleticentzat, Sevillan eta leku ainitzetan ikusitakoarekin hunkituta, horren alde borrokatu behar izan genuen”.

Athleticen zaleen artean emozioz bizi eta isuritako malkoek historiarekin egiten dute bat, harrobiak duen garrantzia ezin ahaztu dezakegularik, beraz, berau finkatzen eta garatzen dutenen lana, aipagarria eta goraipatzekoa da, txalogarria benetan. Elkarkidetasuna eta ikaragarrizko talde-lana dago atzean, eta okuluan gelditzen bada ere, horrexek balio duelakoan gehien bat, bai futbolean zein gizarteko beste arlo guztietan.

Eta filosofietara etorrita, Javier Agirre El Vascok zera zioen ere: “Gu, Mallorkan, kolore, arraza eta pentsamolde desberdinetako munduko herrialde askotako hogeita lau kide gara, baina senide bagina bezala, denok bat gara”.

Athleticen filosofia, geuk eta gure aurrekoek jarritako mugak direla esango dute batzuek, baina horrexek gailentzen du batez ere barruan bizi den eta denen ahotan dagoen eta guztien gainetik kanpora ateratzen den emozio bizia. Eta honetan, bai Euskal Herrian eta kanpoan ere, amankomunean bizi dan pentsakera eta jende desberdinen arteko batasuna erakusten digu Athleticek.

Oroimenetan sartuz, ilusioa berpiztu den honetan, adinean sartuak garenok, leku batean edo bestean eta batera edo bestera bizi izan genuen Athleticek orain berrogei urte irabazitako Kopa, ni neu, futbola biziki maite duten Brasilen nengoen, Amazonazgo ibai handia bukatzen den Belengo hirian, eta ospatu ere bakarrean baina gogotsu ospatu nuen. Garai haietan ez zegoen mugikorrik ez internetik eta goizean goiz, bertako irrati batean, hara non entzuten dudan: “Athletic de Bilbao campeäo da Copa da Espanha”. Hura zan poza eta zirrara, eta haiek ziran saltoak.

Urrun nengoen baina egungo gau historiko honetan bezalaxe, bihotza nuen neure herrian eta neure herritarrengan. Eta aldarriak jaurtiz, adoretsu kantatzen genuen eta kantzaten dugu: “Athletic gorri ta zuria, danontzat zara zu geuria... Euskal Herriaren erakusgarria”.

Eta ea ba, diktadurapeko garai haietan, Agustin Piru Gainzak Francori urtez urte esaten ziona eta Jose Angel Iribarrek partida amaieran Felipe VI erregeari errepikatu ziona egi bihurtzen den: “Datorren urterarte!”. Eta guk zera diogu, Athletic, inoiz ez zara bakarrik joango, beti zaude gurekin, herriaren bihotzean.