Urrats garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak onetsi berri duen dekretua, ekoizle eta erosleen arteko katea luzean egiten diren askotariko kontratazioak erregistratzera derrigortzen duena. Izan ere, behin baino gehiagotan nabarmendu da lehen sektoreko ekoizleei (izan arrantzale, abeltzain edo nekazari) ordaintzen zaienaren eta produktu horiek dendetan-eta izaten duten salneurrien artean dagoen alde izugarria. Horiek horrela, ekoizleak, hainbatetan, gastuak berdindu ezinik ibiltzen dira eta banatzaile zein bestelakoak, berriz, gastu guztiak ez ezik, irabaziak ere gehitzen dizkiote merkatuko prezioari. Prozesu horretan galtzaile ateratzen dira ekoizleak eurak, lana, inbertsioak eta arrisku guztiak haien gain geratzen direlako, bai eta erosleak ere, inolako balio gehiturik ez dakarten prozesuek eragindako gainkostuak ordaindu behar izaten dituztelako.

Hala berean, egoera horrek are egoera zailagoan lagatzen ditu hemengo produktuak, bereziki, kanpotik etorritakoekin lehiatu behar dutenean. Halako produktuek, hainbatetan, eskakizun lausoak dituzte ingurumen zein bestelako betebeharren aldetik, ekoizpen intentsiboa eta pertsonen esplotazioa izaten dute ardatz, lehengai ugari behar izaten dute, lursail handiak behar eta suntsitzen dituzte eta kalitatearen aldetik eskasagoak dira. Horrexegatik dira merkeagoak, ez berez merkeak direlako, eragindako guztia kontuan ez delako hartzen baizik. Konpetentzia desleial horrek, munduan barrena, tokian tokiko esplotazioak bertan behera gera daitezen ahalbidetu du, bai eta arrantza sektorearen gainbehera ekarri ere.

Lehen sektorearen ekarpena ez da erabakigarria, esate baterako, elikagaien inguruabarrean, gutxieneko burujabetzari eustearen eta sustatzearen ikuspegitik soil-solik; tokian tokiko ekonomia sustatzearekin, biztanleria landa eremuan finkatzearekin eta ingurumena zaintzearekin ere badauka zerikusirik. Horiek horrela, lehen sektore indartsua izan dezagun lan egitea, belaunaldi berrientzat bizitzeko eta lan egiteko eremu erakargarri bilakatzea denon lehentasuna izan beharko litzateke. Lehen sektorea gero eta ahulagoa den neurrian, kanpotik ekarritakoekiko gero eta mendekoagoak izango gara eta, gainera, gure eremua nork zainduko duen ere ez dugu izango. Lehen sektoreari erraztasunak ematea eta bultzatzea gure bizi-kalitatean inbertitzea da.

Nago lehen sektorearekiko izan dugun ikuspegia behar dugula eraberritu eta parametro berrietara ekarri. Inbertsioak, laguntzak, erraztasunak, burokrazia arintzea, ekoizpena sustatzea, ekoizleen eta erosleen arteko distantzia gutxitzea, belaunaldi berrientzat erakargarri bilakatzea eta abar birpentsatu behar ditugun kontuak dira. Bai! Orain arteko politikak behar ditugu birpentsatu, ekoizleekiko lankidetzan jardunez, arazoei zuztarretatik helduz eta etorkizunari begira jarri.