LEHENDAKARITZAKO hautagaien laupabost debate entzun eta ikusi izan ditut eta, gai sozialaz, osakidetzaz, etxebizitzaz, hezkuntzaz, subirorasunaz, ertzaintzaz, segurtasunik ezaz, bizitzaren garestitasunaz, lankidetzaz, industriaz, eskubide sozialaz, eta beste gai ainitzetaz hitzegiten dute beraien agerraldietan, eta kulturaz eta beronen egoeraz aipamenik ere ez, existitzen denik ere ez, nori inporta zaio ba kultura eta era berean, kulturgileen egoera? inori arduratzen ote zaio? Agian, kultura bera ere zer den ez dakigulako edota, makrokulturan ari zaigun politika ofizialak dakarkigun guztiaz bat eginez, hura delakoan kultura bakarra.

Politikariok, non dago Kultura?

Makrokokultura versus makroekonomia; herritarrongan izen handiko eta ospe handiko emanaldiak sartzen gaituzte makrokultur ekintza gisa, baina kultur politika ez da bakarrik eraikuntzak altxatzea, ikustaldi ponposoak eskaintzea, adituentzat foroak antolatzea eta goi-mailako artista entzutetsuak guganatzea, baizik eta kulturaren sena garatzea eta herriarentzat onuragarri diren aldetik, kulturgileak zaintzea ere. Hau ere, gastutzat baino inbertsiotzat hartu beharko litzake; beraz, makrokulturaren finantzaketa publikoa hobeto bideratu beharko litzateke mikrokulturara, eta esan bestetik, programatzaileen kultur egitasmoak, aisia edo folklorean proiektatzen direla batipat. Aisia eta folklorea ote da ba kultur politikaren funtsa eta eginbeharra?

Eta hemen galdera, herritarren nahiak bete edo ez bete, gure politikariak arduratzen ote dira kulturaz eta batez ere kulturgileetaz? itzelezko sortzaileak ditugun arren, ba ote dakite zein eratan bizi diren hemengo sortzaileak, kulturgileak, musikariak, antzezleak, margolariak, zizelkariak…?

Ongizateaz hitzegiten da barra-barra, baina ez dakit guztiontzat den ongizate hori, zeren, ongizatea eta egonkortasuna zentzu handi eta makroetan erabiliz, gizateriarentzat abstraktuegia suertatzen den hitz arranditsua dugu.

Hala da, makroetan mugitu izaten dira gehienbat poilitikarien deihadarrak, baina mikroetan bizi da gizateria, norberak bere arazoei ahalik eta hoberen aurre egin beharrez. Autonomoetaz ari natzaizue batipat, pertsonataz, bakarrean bere sortze-lanetan ari direnetaz, zeren, funtzionario gisa, kultur eremuetan ari direnek bere hilabeteko soldata finkoa dute; besteak, norbere kontura bizi direnak, autonomoak, hor dabiltza, “datorrena datorrela”, babesgabezia ageri-agerikoa delarik. Autonomo askoren bizibide eta ihardunbidea, alor gehienetan etsigarria da, baina apenas atera izan da ezta izango ere politikarien agerraldietan ez eta beraien eztabaida-lekuetan.

Dagokidan neurrian, kulturgileen eta sortzailen lanaz ari natzaizue, kulturgile askoren biziraupena eta egonezina egiaztatzera, besterik ez. Sortzaileentzat erakundeetatik baldintzak eta araubide batzu betez, laguntzak ere badaudela?, eskerrak, kultura, berez, defizitarioa da-eta. Bain profesioak duen artistaren estatutuak huts eginez, artista bera deslai. Honez gain, Etxepare euskal institutuaren laguntza onuragarria dela ere esan behar da eta bestetik, euskal zinemagileak oso present eta zorioneko daudela.

Herritarrak, normala denez, eskaintza eta eskariaren auzian, aukerak egiten ditu eta ematen zaiona onartzen edo gaitzesten du, baina eskaintza, erakundeen plangintza kulturaletik dator batipat. Eta ba ote da ongizate kultural bezala hartu daitekeen benetako plangintza kulturalik gurean?

Zer esanik ez, herritarron jende ainitzen ustez, oraindik orain, kulturaren sorkuntzan lan egiteak ez duela inolako baliorik, bufoi gisan, “horrek ez du ez lanik ez onurarik,” horixe aipua, denbora-pasa edo alperreko lanaren susmopean dagoelarik, ekonomiaren ahuleziaren bizibidean. Eta hau gutxi balitz, antzezle lagun batek zera ziostan, “obra berri baten estreinaldian, lagun eta inguru guztiak gonbidapenak eskatzera datozkit. Ulertzen ote dute jatetxe batera badoaz ordaindu gabe ezin izango dutela jan”?

Hala ere, sortzaile ezagun handi batek zera zioen: “Ogia irabazi beharrak dezente kentzen nau kultur lanetatik, baina, arreta handia eskaintzen diot gure kulturari”.

Agian, honetan gabiltzanok erruren bat edo beste ere izan dezakegu, zeren, sortzaileen lehen afera, dena ontzat hartu baino, pentsaera kritikoa eukitzea baita, eta gure artean ere, jende konformistegia dugulakoan edo gudelakoan nago; ez da nahi inongo eztabaidarik, nahiz eta jakin eztabaidetatik sortzen direla proposamen eta landare berriak. Bestetik, baliteke, behingoz ere, honetan gabiltzanok, onartu beharra dugula herritarron benetako kultura: futbola, jatetxeak eta tabernak direla. Eta politikariak, herritarren ispilu besterik ez direla.

Hauxe da dagoena, baina utz nazazue behintzat kritikoa izaten, kulturgileen izaera ez ote da ba hori bera?, pentsamendu kritikoa edukitzea? “Kultura: izaera kritikoa garatzeko aukera ematen duen ezagutza”, baina badirudi, konformismo hutsean eta autokonplazentzian sartuak gaudela.

Isilik geratzeko ohitura dago gurean, eta ez da isilik eta beldurrez egoteko garaia, beldurrak etorkizuna geldiarazten duelako; beraz, hemen diodana, kulturaren gremio osora zabaltzea egokia delakoan nago hausnarketa modura besterik ez bada ere, eta kulturan ere, beste egintza askotan legez, amankomunezko eta elkarrenganako lanak eraginkorragoak direlako.

“Handia zarenean, ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio duen”, Xabier Letek bere arrazoiak izango zituen, zuhurrak izatearen premiaz hori esan zuenean, baina Oteizak ere Gandiagari esan omen zion, mutuen herria dirudi honek, zuok, poetok, idazleok hitzegiten ez baduzue, nork koñok egingo du ba? Nola demontre aldatuko dugu ba dugun egoera hau?”.

Konturatuko zineten euskal kulturaren susperraldiaren beharrizanaz ari natzaizuela eta honetan, esan behar baita, kultura kudeatzetik bizi diren askotxok ez dutela kulturarekiko interesik, ez eta gure hizkuntzarekiko maitasunik, eta betikora gatoz, sentitzen ez duenari ezin diezaiokegu ezer sartu. Uste dut gainera, kultur programatzaile ugarik euren plangintza egina dutela, eta sortzaileen eskaintza berriak baliagarri baino enbarazu legez ere hartzen dutela. Eta zortez, adierazteko aukera baduzu, zorioneko zu!

Bakoitzak geure iritzi eta arrazoiak darabilzkigu, baina eztabaidarako ez bada ere, bestei entzutearen balorea, mesedegarri zaigu, beraz, kultur kudeatzailei gutxienez eskatu behar zaiena zera da: beraien ikuspegitik kanpo, sortzaileei entzun diezaietela. Eta honetan guztian, jakina, garai eta belaunaldi berrietan gaudela, digital eta teknologiaren berrikuntzen garaietan eta horretara egokitzea eta berau baliozkotzat hartzea, behar-beharrezkoa dugu.

Industria erronka izeneko proiektuak eta topaketak dauden bezalaxe, kulturarenganako ezagutza eta norabidea suspertzeko, Kultura erronka deituriko ekimenak antolatzea, premiazkoa genuke, zeren, lurra ta lurtarrak lantzea bada kulturaren definizioa, bada ba zer ondu eta zer eraldatu, eta esan beharrik ez dago, gure kulturarekiko eta hizkuntzarekiko zenbat eta gogo eta interes gutxiago dagoen, hainbat eta izan garen eta garen horren ezagutza gutxiago.

Zer izan garen eta zer garen alde batera utzi gabe, etorkizunaren bideak sustatzea guztioi dagokigu baina politikariei dagokie kulturarekiko erantzukizun soziala piztea, kultur harrobia sendotzearen konpromisoa eta bere oinarrizko funtsa berpiztea.

Guztion bizi-baldintza hobeak izatea da honen guztiaren gogoeta, eta alperrik ez direlakoan jausiko hitz hauek, zeren, badakizue, munduan alperrik galtzen diren hiru gauza: itsasoko euria, egun argiko izarrak, eta pobrearen arrazoiak direla.

Abeslaria