IRUN eta Baiona hiriak korrikalari-talde ikaragarri handi batek batuko ditu, kilometroz kilometro, gau eta egun, tipi-tapa. Gaur, martxoaren 14an, euskararen aldeko maratoi itzela hasiko da beste behin, eta 24ra bitartean, Euskal Herriko geografia osoan entzungo dira euskara presente egiteko oihuak, eta harrotasunez esango dugu euskara gure hizkuntza dela, eta oztopo guztien gainetik euskaraz aritu nahi dugula.

Gaur, mezu iradokitzailea gordeko duen lekukoa prestatuko da, eta aireraturik eskuz esku erabilia izango da aldarrikapen askorekin bat eginez. Izan ere, aurten, Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko da, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea erdiesteko tematu diren ikasle euskaldunen taldea. Beste askotan gertatzen den bezala, beren hizkuntza-eskubideak zapalduak izan dira, baina egoera erabat grotesko bilakatu den arren, ez dute atzera egin, eta hizkuntza hegemonikoari aurre egin diote, euskararen aldeko aldarria lau hazietara zabalduz.

Aurtengo leloa Harro herri izango da. Hortaz, harrotasunez konplexuak alboratu eta “mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte. Harro hadi Kantauri itsasoa, Arabako mahats, Bardeako buztin. Harro zite Pirinioetako elur, Meatzaldeko burdina.Elkarrekin nahi ditugu pausoak egin, espazio berriak irabazi eta, hitzez zein ekintzez, aldarri egin. Gauden harro garenaz, eta egiten dugunaz. Bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz”.

“Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien orai dute porogatu enganatu zirela”, eta euskaraz jolastea, berbetan aritzea, irakurtzea pribilejio hutsa dela uste dutenek jakin dezatela prestigioa eta ohore bat dela hizkuntza horretan mintzatzea.

Korrikak egin beharreko bide luze eta eder horretan ez dut Orkoien herria ikusi, agian despistatu naiz, baina seguruenik euskararen aldeko ahotsen burrunba eta azantza bertan ere entzungo dute. Eta gauza bera gertatuko da Nafarroako hainbat bazterretan, Ipar Euskal Herriko hainbat aldetan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban zabaltzen diren paisaietan, bai eta Korrikaren aldeko ekintzak eta keinuak egingo diren munduko 28 hiritan ere. Munduak jakingo du zer den euskara.