Gaur egungo politikan koldarkeria intelektuala ezarri da. Suhartasuna indarkeriarekin nahasten da. Prestua izatea tentela izatearen sinonimotzat hartzen da. Itxura da kontu nagusia; hobeto esanda, itxurakeria da nagusi jardun politikoaren neurri handi batean. Alde batetik, gizartearen gutxiengo (errespetagarri) baten nahiak lehia biziz aldezten dira, eta, aldi berean, gizarteko kide gehienen interesak ez dira aintzat hartzen, eta zikinkeriarik higuingarrienak jaurtitzen dizkiote alderdi politiko gehienetako aitzindariek elkarri. Azalkeriaren aldezle dira, itxurakeriaren sortzaile. Eta non datza gizarteari benetan dioten arazoen muina? Auskalo!

Itxurakeriaren ale batzuk, hizkuntzaren ikuspegitik bat-batean burura etorri zaizkidanak, hauek ditugu: sexizatu, ezkontza irekia, nork bere burua honelakotzat, horrelakotzat edo halakotzat hartu… Etiketa horiek guztiek egia ezkutatzeko, ostentzeko baino ez dute balio. Errealitatea estaltzeko alferreko ahalegin horretan, uniformismora jotzen dute horrela dihardutenek, eta, horren ondorioz, erdipurdikokeria gailentzen da. Horrela, jantziak arinagoak edo laburragoak egiten direla esan barik, sexizatu egiten dira halakoak. Bikote bateko kideek euren arteko harremanak ez ezik beste batzuekin eduki ahal dituztela esateko, ezkontza irekia asmatu du norbaitek. Gizakume baten gorputzean jaiotako badaezpadako batek bere burua txerritzat hartzen duela adierazteko, nork ez dakit zer gisa hartzen du bere burua. Masterra behar da hizkera ulergaitz hau norbereganatzeko. Alajaina!

Legearen ikuspegiko ale bat, amaitzeko. Transek kirolean parte hartu ahal izango dute euren “sexu-identitatea” kontuan hartuta. Eta nik itaun hau egiten diot neure buruari: gizonezko jaiotako bat, bere burua andrazko sentitzen duelako eta kanpoko sexu-organo batzuk aldatu dituelako, andrazko jaiotakoekin batera lehiatu daiteke kirolean? Biologia legearekin batera aldatzen ote da? Eta andrazko kirolarien eskubideak? Alazankoa!