BASERRITARREN azken mobilizazioetan deigarria iruditu zitzaidan burokraziaren aurka, burokrazia digitalaren aurka bereziki, plazaratu zituzten aldarrikapenak, baserritarrekin zerikusirik ez duen beste arlo batean ere, irakaskuntzan hain zuzen, burokrazia digitala eguneroko buruhauste bilakatu baita azken aldian. Hara, baserritarrak eta irakasleak berdinduta! Susmoa dut gertutik ezagutzen ez ditudan beste arlo askotan berbera gertatzen ari dela eta, zer esanik ez, herritar arrunt guztiok egunero egin behar diogu aurre nahitaezko digitalizazio orokorrari. Agian horregatik gestoria pribatuz betetzen ari zaizkigu kaleak.

Ez naiz ni berritasun teknologikoen aurka dagoen pertsona bat, azken finean hogeita bost urte baino gehiago daramat ordenagailuak eta beste trepeta mota horiek erabiltzen, baina aitortu behar dut nekosoa dela edozein huskeria egiteko aplikazioak jaitsi, klabeak sortu eta formularioak betetzen ibiltzea. Ez dut pentsatu nahi nola ibiliko den arrakala digitala pairatzen duen jende guztia; badirudi inori ez zaiola gehiegi axola zer gertatzen ari den garaiko analfabeto berri saldo horrekin. Iruditzen zait, gainera, inor ez dagoela arrakala horretan erortzeko salbu, ingurune digitalak behin eta berriro aldatzeko (hobetzeko, antza) dagoen ohiturarekin.

Adituek diote trantsizio-aldia dela gurea, paperezko burokraziatik burokrazia digitalera egin behar den bidean desadostasunak, zailtasunak eta arazoak egon daitezkeela. Orain dela pare bat urte burokrazia korapilatsu bat digitalean egin eta gero, mezu elektroniko mehatxagarria jaso nuen esateko agiri batzuk paperean aurkeztu behar nituela berehala (horretarako hitzordua eskatu behar nuen webgune batean, jakina); erantzun nuenean, horixe bera iradoki nuela nik prozesuaren hasieran, sorbaldaren gainetik begiratzen zidan beste mezu elektroniko mehatxagarria jaso nuen. Etsi nuen, beharko.

Sinetsi nahi dut, benetan, dena errazagoa izango dela bide digitaletatik baina, zetaz janzten zen tximino hura bezala, uste dut digitalizazioaz janzten den burokrazia beti izango dela burokrazia.