Xisteraren 2023-2024ko liga ari da jokatzen Hegoaldeko eta Iparraldeko euskal herrietan eta Paben. Lagun batek oharrarazita, liga hori osatzen duten lehiaketen egitarauak irakurri ditut, guztiok erdara batuetan: ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez. Izen bereziak eta toki-izenak bakarrik euskaraz. Pilotari gehien-gehienak euskaldunak; Pabeko pilotalekua izan ezik, beste pilotaleku guztiak euskal herrietakoak. Non gelditu da euskara? Kasu honetan ez dute eskurik hartu espainiar epaileek. Ez, horratik! Aukera guztiak izan dituzte antolatzaileek euskarari behar den lekua emateko txapelketaren ekitaldietan, baina erdaretara jotzea erabaki dute, inoren mehatxu, zemai, agindu edo manu barik. Askozaz sentiberatasun handiagoa erakutsi dute azken urteetan Frantziako Tourraren antolatzaileek.

Euskara geure dugu, guk erabiltzen ez badugu, inork ez du egingo. Joxean Artzek esan zuen legez, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, ezpada dakitenek egiten ez dutelako. Eta bagoaz horrela. Euskararekiko atxikimendua zertarako gelditzen da: jarrera politiko jakin bat aldezteko soilik? Itxurakeriak egiteko? Ez dugu euskaldunak garela esan behar, ezpada euskaraz egin behar dugu. Silio Italikok jakin zuen erromatarren aurka jarki zirenetako batzuk multzo batera batzen euskaldunak zirela esanaz. Orduko euskaldunek ez zuten euren burua identifikatu behar izan.

Egundaino iraun du Euskal Herriak, euskaraz egiten duen herriak. Ez dakit zer agituko den etorkizunean, baina gaur egun ikusten dudan ildotik bagoaz, inorena hartu eta geurea gutxietsi, amaiera beltza aurreikusten dut. Euskaldunok uste badugu modernoagoak, berritzaileagoak, guailoagoak garela bihar-etzi ingelesak, frantziarrak edo espainiarrak izan gaitezke, baina ez euskaldunak, On Migel Unamuno eta Jugok aurreikusi zuen etorkizun beltzeko apalategietara eta katedretako irakasgaietara helduz. Euskal esaera zaharra gomutaraziz, “kanpoan uso, etxean otso”. Ez ahal da jazoko!