ASTEON atzera ere entzun dut berri arduragarri bat: tabakoa tabernetako terrazetan erretzea galarazi nahi dute baten batzuek. Areago, proposamen hori egin dutenetako gehienek drogazaleak gaixo gisa hartzen dituzte eta kalamua edo marihuana erretzea legeztatu nahi dute. Ni ados nago droga hori eta beste droga guztiak legeztatzearekin. Izan ere, debekatzea ez da bidea. Ahaztu ote zaigu Estatu Batuetan Lege Lehorrarekin jazo zena? Alkoholaren kontsumoa gutxitu ez zuen egin, baina legez kanpoko batzuek diru-etekin handiagoak erdiestea ekarri zuen.

Betiere, zergatik zigortu behar da erretzailea? Non erre behar du legezkoa den produktua? Estatuaren monopolioaren mendekoa den produktua? Inoren osasuna ote da arrazoia? Zergatik ez dituzte erregaien hondakinak airera jaurtitzen dituzten ibilgailu guztiak debekatzen? Ala inoren osasuna gutxiago jotzen du auto baten erregaiaren hondakinak zigarro baten keak baino? Benetan? Azaluskeria, zurikeria… hori baino ez da. Okerrena, berriz, hauxe da: inor baino “aurrerakoiagoa” izan nahi izate horretan gizakiaren benetako balioak eta beharrizanak gogoan hartu barik Versaillesko karraju zaharkituan “indioilar” agertu nahi dugu, “politikoki zuzenak izan nahi dugulako” edo auskalo zein santu edo deabruren bitartez. Ala geure buruaren alde bakarrik egiten dugulako? Nik hala deritzot.

Azaluskeriaren beste ale bat prostituzioarena da. Izan ere, zein arrazoi objektibo dago esateko nork bere gorputza saltzea txarragoa dela nork bere gogoa, arima edo ikusmoldea saltzea baino? Prostituta baten lana okerragoa da “inoren pentzudako langile” batek egiten duena baino? Zergatik? Herbehereetako prostitutek bizimodu okerragoa dute Euskadiko prostitutek baino? Andrezkoei beren-beregi dagokielarik, bere gorputza une baterako alogerean uzten duen baten ekintza zigortu behar da, baina bizitza osoa bikotekide aberats baten gogoaren mendean uzten duenaren jarduna ez? Ala askatasuna bereizi ahal dugu geure begitazioaren arabera?