Athleticeko gizonezkoen lehenengo taldeak 40 urte behar izan ditu Espainiako Erregearen Kopa irabazteko ostera ere. Egitate gogoangarri eta gozo horrek berriro erakutsi digu andrazkoak eta gizonezkoak ez garela berdinak, ez gorpuzkeraz, ez gizartearen kontsiderazioan. Izan ere, Athleticen andrazkoen taldeak ligak irabazi dituenean behin ere ez da gabarra errekaratu. Arrazoia garbi dago: nahita edo nahi barik ebatzita (inork ez baitaki zer dagoen inoren buru-asmoetan), gizonezkoena izan behar zuen taldeak, gabarra Ibaizabaleratzeko.

Gabarra barik, Joxemigelen batela edo potin bat edo txalupa bat atera zezaketen. Hala ere, ontzi hori ateratzeari ez zioten iritzi Athleticen garai hartako zuzendaritzetakoek. Hori ez ezik, athleticzaleok ere ez gintzaizkien jarki orduko agintariei. Hartan-horretan hamaika aldarri egiten ziren andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren fabore. Zertarako? Non daude egun andrazkoen eskubideak aldezten ei dituzten erakundeen ordezkariak? Athleticeko jokalarien ondoan abesten? Athleticeko bat-bateko bozeramailearen aldarriak berretzen? Auskalo!

Berdintasunaren arlo honetan badaukat ezabatu ezineko zalantza bat: ze alde dago gizaki batek beste bat zapaltzen, jotzen edo hiltzen duenean, edo gizaki horrek gizartean beste batengandik tratamendua hartzen duenean: sexu batekoa edo bestekoa izatea? Sexua berez da erabakigarria? Zein ezberdintasun dago gizonezko batek beste gizonezko bat hiltzearen, andrazko batek andrazko bat hiltzearen, andrazko batek gizonezko bat hiltzearen eta gizonezko batek andrazko bat hiltzearen artean? Sexua?

Hori horrela izanik, eta, aitor dut, ni alabarekin izan nintzen Bilboko udaletxearen ondoan, zergatik nabarmenarazten dituzte andrazkoen eskubideen alde ei dihardutenek kasu jakin batzuk eta beste batzuk kosta ahala kosta ezkutatzen dituzte? Ba ote da beste ziorik? Jakin ote daiteke zenbatekoa den kontu horren arloan eralgitzen den dirutik zenbatek ematen dion jaten bere buruari?