EGUNOTAN Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu dugu. Hainbat herritan liburu azoka txikiak jarri dira liburu-salmenta sustatzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko xedez. Hitzaldiak, ipuin kontalariak, errezitaldiak, eta abar izaten dira literaturaren mundua kaletarrarengana gerturatzeko, eta liburugintzak duen balioa aldarrikatzeko.

Liburu batek gizarte inklusibo eta baketsu bat egiteko ahalmena du. Ikaskuntza, alfabetizazio edota adierazpen-askatasunarekin lotura zuzena daukate liburuek. Kultura indartu egiten dute eta askeago egiten gaituzte.

Egun hori nazioartekoa da, eta mundu mailan ospatzen da. Urtero Liburuaren Munduko Hiriburua izendatu egiten da, eta hiriek irakurtzeko kultura indartzeko konpromisoa hartzen dute. Unescoren ekimenez, 2001ean Madril izendatu zen Liburuaren Munduko Hiriburu, eta harrez geroztik makina bat hiriburuk izan dute ohore hori. Aurten, ez badakizue, Estrasburgo da aukeraturikoa.

Egun hori oso berezia ere bada Katalunian, izan ere, Sant Jordi jaia ospatzen da urtero. Kontu historiko batetik dator jai hori egiteko beharra, baina jatorri erlijiosoaz haratago, Sant Jordik esanahi sakonagoa du gaur egun Katalunian. Egun seinalatua ere bada liburugintzarako. Esaten da, Vicente Clavel idazleak Liburuaren Eguna ospatzeko apirilaren 23ko data proposatu zuela, hain zuzen, 1616ko egun horretan bertan historiako bi idazle handi hil zirelako: Cervantes eta Shakespeare. Irakurri dudanez ez zen hala gertatu, baina halarik ere, liburuaren inguruko ikuskizun handia izan ohi da egun hori Bartzelonan, oso inportantea idazle askorentzat. Liburu aurkezpenak egiten dira eta lehen lerroko idazleak bertaratzen dira.

Baina liburuak irakurri egiten ditugu? Estatuan %64,8k liburuak irakurtzen dituzte aisialdian, eta ehuneko hori %66,2ra igotzen da komikiei dagokienean. Nerabeek helduek baino gehiago irakurtzen dute, 10 eta 18 urte bitarteko adin-tarteak kontzentratzen du irakurtzeko grina. Estereotipo batzuk gezurtatu beharko dira.

Mobilek itsututa gauzkate, baina antza denez, ez erabat.