Añorgako gogoetak. Zergatik gordetzen ditugu pasadizo batzuk eta ez besteak? Haur oso txikiak ginen ni, Aran arreba eta Juanra anai txikiena. Irrati oso handi hura, gogoko nuen pizten eta dial-eko orratza mugitu, sorginkeri ulertezina. Gogoan daukat nola barreño batean “bainatzen” gintuzten ni eta nire arreba-anaia, eta ze hotza pasatzen genuen nahiz eta sukalde ekonomikoaren ondoan egon!. Ezin ahaztu etxeko telefono beltz hartako zenbakia: 19788. “Juan Ramon jaio da” esan zidan nire izeba soltera zen Mirenek telefonoa eskegi bezain laster...ez nuen ulertu ezer...baina ez dut ahaztu, ezta ahaztuko ere. Aita herrena izan arren “beste aldera” pasatzeko orduan N-1 erdiraino ematen genituen geure lehen pauso arinak, autoak pasatu ondoren ziztu bizian beste ertzeraino. Cementos Rezolako fabrikako “ekonomatoan” egiten genituen erosketak, baina ez nuen gogoko horko arduraduna zen Kontxita Lasaga aurpegi zorrotza, hantxe erositako Carbonell olio botila eramaten zuen amatxo Xixilik astelehen goizetan Donostiara egunkari orritan bilduta (merkeago omen ekonomatoa). Gure borrokatxoak ere bagenituen Carlitosekin eta bere kuadrilla gaiztoarekin, harrika aritzen ginen, baina ez dakit zergatia, agian ez genuen inoiz jakin. Amaren asteburuko txipiroi eta txuleten usainak nola ahaztu! Auzoko Gillermori, behin fletxak lapurtu omen nizkion baina ni ez naiz gogoratzen, bai anai gaztea zen eta den Juanra. Igande batzutan Añorgako bestaldeko zinemara joaten ginen, han ikusi genuen “El Capitán fuego” eta “La humanidad en peligro”, azken honetan txingurri erraldoiak azaldu eta ama Xixilik atera behar izan anaia Juara kalera, beldurrez jota, negar zotinka, anai Juanra noski. Juanrak beldurra zioen baita Don Juan Maria parrokoari ere. Gogoan daukat nire lehen gorrototxoa izan nuela Don horrekiko, gorrotatzen nuen, eta nago 60 urte ondoren sentimendu bera dudala. Faxista borobila, Errezilgoa, Paulino Uzkudun lez. Añorga auzo luzea da, Errekalde eta Añorga-Txiki tartean, beraz jarraituko dugu.