Laura Penagos (Suescas, Kolonbia, 1983) aktoreak Kolonbian abiatu zuen bere ibilbide profesionala, sorterrian. Bogotako Teatro Libre Eskolan graduatu zen eta antzerki irakasle jardun zen ondoren. 2008an heldu zen Euskal Herrira, Nafarroara. Euskara ikasteko eta euskaraz antzezteko hautu irmoa egin du sortzaileak. Atzerrian Lurra Garratz antzezlanarekin hezurmamitu zen hautua estreinakoz. Orain, berriz, Putaren Bakarrizketa Eroetxean emanaldia du eskuartean. Lanaz gozatu nahi duenak maiatzera arte itxaron beharko du, 12an Leitzan egongo baita, eta 17an, aldiz, Mutrikun. 

Nafarroan bizi izan da orain gutxi arte Penagos, eta Bilbora lekualdatu berritan elkartu gara berarekin La Sinsorga espazioan. Bakarrizketaren emanaldietako baten agertoki izan zen La Sinsorga otsailean.  

‘Putaren Bakarrizketa Eroetxean’ obra ondu eta aurkeztu duzu. Dagoeneko martxan da antzezlana, nolakoa izaten ari da zuretzat antzezlan honen taularatzea?

Bakarrizketa iaz estrenatu nuen Debako an-tzerki jaialdian, azaroaren 5ean. Orain, poliki-poliki mugitzen ari naiz Euskal Herrian zehar. Emanaldi bakoitza mundu bat da, eta baita irakaspen handia ere. Azken finean, oholtza gainean bakarrik egotea ez da batere erraza niretzat. Hasteko, euskara ez da nire ama hizkuntza. Nik erabaki nuen euskaraz egin nahi nuela antzezlana, baina hizkun-tzak batzuetan mugatu egiten nau. Dena den, nire apustua dela argi daukat eta pozten nau jakiteak nire erabaki kontzientea dela euskaraz antzeztea. 

Halere, askotan oso hauskorra sentitzen naiz oholtza gainean. Espazioa oso xumea da: aulki bat, kamera bat eta ni. Konfiantza handia izan behar dut oholtza gainean egoteko. Agertokira atera baino lehen nire buruari esaten diot: “Zure hautua izan da, Laura. Beraz, konfiatu. Prozesu ederra egin duzu, goza ezazu. Edozer gertatzen bada ere, lasai”.

Lortu duzu gozatzea?

Batzuetan bai, baina beste batzuetan ez. Ba-tzuetan kostatzen zait onartzea akatsa egin dudala. Testua niretzat oso garrantzitsua da, eta akats bat egiten baldin badut ahoskatzerakoan oso gaizki sentitzen naiz. Halere, berehala saiatzen naiz aurrera egiten eta gogorarazten nire buruari ez dela momentua blokeatzeko. Asko exigitzen diot nire buruari, uste dut garrantzitsua dela euskaraz ongi hitz egitea. Publikoa hor dago, emanaldia ordainduta dago... Ardura sentitzen dut. Ez naiz amateurra, antzezle profesionala naiz eta testua ongi ahoskatu behar dut, publikoak merezi du. Sentitzen dut ez dudala aitzakiarik gaizki hitz egiteko. 

Testuaren jatorrizko hizkuntza ez da euskara. Nolakoa izan da testuaren egokitzapena?

Testua jatorriz italieraz idatzi zen. Dario Fok eta Franca Ramek idatzi zuten 1977an. Gero, nik Xabi Martinez de Lezeari eskatu nion itzulpena egiteko, gaztelaniatik. Beraz, itzulpenaren itzulpena da. Hau da, euskaraz ez zen existitzen testu hau orain arte… Edo, nik behintzat ez nuen ezagutzen. Iruditzen zi-tzaidan ekarpen bat ere bazela testu hau euskaraz edukitzea. Esamolde asko ditu, Xabik lan ederra egin du. Jendeak esan dit oso testu aberatsa dela.

Testua jatorriz ere sortu zen testu teatral gisa eta oso entzutetsua izan zen. Nola ezagutu zenuen zuk testua?

Nik aspaldi irakurri nuen testua, antzerki eskolan. Gerora, Atzerrian Lurra Garratz-en bira bukatzen ari nintzenean urduritzen hasi nintzen, ez nekielako zer egingo nuen bira bukatzean. Erabaki nuen nik neuk sortu behar nuela, ezin nintzela beste baten deiaren zain geratu. Testu hau etorri zitzaidan burura. Testua jatorriz, zortzi bakarrizketez osatutako bilduma baten parte da. Denak berrirakurri nituen eta hau aukeratu nuen. Uste dut oso testu interesgarria dela, borti-tza bezain ederra; baina, aldi berean, umore beltzez betea. Gainera, ohartu nintzen ez nuela inoiz komedia antzeztu. Komedia egitea oso zaila iruditzen zait.

Nolako obrak antzeztu dituzu orain arte? 

Oso dramatikoak. Nik oso eskola dramatikoan ikasi nuen antzerkia Kolonbian eta an-tzezle dramatikoa naiz. Behintzat, orain arte. 

Nolakoa izan da proiektuaren sortze prozesua?

Testua lantzea buruan nuen arren, kanpotik etorri zen bultzada. Iruñeako Karrikiri dendak Nano-Antzerki Aroa izeneko antzerki zikloa antolatu zuen iaz, eta deitu egin zidaten zikloan zerbait aurkezteko eskatuz. Une horretan, oraindik ez neukan ezer montatuta, baina berehala etorri zitzaidan burura bakarrizketa hau. Ikusi nuen aukera ederra zela urrats bat aurrera egiteko eta bakarrizketa montatzeko. Baiezkoa eman nien eta testua moldatu nuen 25 minutuko pieza sor-tzeko. 2023ko apirilean aurkeztu nuen gaur egun denaren bertsio laburra. 

Ondoren, Garaion Sorginguneak diru lagun-tza bat atera zuen eta aukera eman zidaten prozesuarekin jarraitzeko. Elias Martin de Lezeak eszenografia landu zuen bertan eta ni, berriz, pertsonaia nintzen. Garaioneko arduradunak bultzatu ninduen testu osoa lantzera, eta berak proposatu zidan Ainara Gurrutxaga zuzendari moduan. Esan zidan bakarrizketa oso interesgarria zela eta merezi zuela bertsio luze eta osoa lantzen jarraitzea. Horrela hasi zen bigarren prozesua.

Testua 1977an idatzi zen, baina gaurkotasuna mantentzen du.

Unibertsala da. Prostituzioa, tamalez, lanbiderik zaharrena da. Horretaz gain, gaixotasun mentalen gaia lantzen du testuak. Horregatik ere iruditu zitzaidan oso egokia garai honetan testu hau aurkeztea. Gaixotasun mentalak eta prostituzioak, biak dira tabu. Prostituzioaren kasuan, feminismoan pil-pilean dago eztabaida: abolizioa bai, abolizioa ez… Askotan kontua ez da bai ala ez, gaia konplexuagoa da. 

Nolakoa izan da zuretzat prostituta ero baten azalean jartzea?

Esango nuke emakume migratzailea naizenez, nolabait uler dezakedala. Emakume migratu gisa, askotan bi aukera besterik ez daude: garbi-tzailea izatea edo prostituta. Ematen du aukera “erraza” dela, baina nik uste dut oso ausarta dela hori egitea. Europan prostitutak ez dira nagusiki europarrak, batez ere emakume migratzaileak dira. Beraz, nolabait, badakit zer den aukera gutxi izatea emakume eta migratzaile izateagatik. Antzezlanaren oinarrian eztabaida politikoa dago. Testuak ardatz indartsuak ditu: klasismoa, feminismoa, botere harremana…

Bestalde, pertsonaia sortzeko musikak garrantzi handia izan du, eta niretzat Rosa Balistreriren musika oso garrantzitsua izan da. Rosa Balistreri emakume siziliarra, pobrea, komunista eta neskamea izan zen. Bakarrizketaren protagonista ere neskame izandakoa da. Rosak oso bizitza gogorra izan zuen eta kartzelan ere egon zen. Kartzelatik atera ondoren, Dario Fok entzun zuen emakume hau abesten eta bere musika erabili zuen antzezlan baterako. Topatu nuenean ez neukan lotura honen berri. Niretzat sortzea prozesu kaotiko bat da, baina uste dut, azkenean, pieza guztiak bat datozela.

Nola lantzen ditu eztabaidagai horiek an-tzezlanak?

Emakumea klinika batean ingresatuta dago, eta beste emakume batekin hitz egiten ari da. Izan ere, ikusten ez dugun medikua emakumezkoa da. Harrigarria dirudi, baina emakumeon artean ere izugarrizko klasismoa dago. Medikua oso klasista da eta uste du prostituta erdi ergela dela. Antzezlanaren muina konplexua da: zerk mugitzen du emakume hori prostituta izan dadin? Finean, prostituzioa lan indarraren salmenta da, eta hori denok egiten dugu. Kontua da prostituzioaren kasuan lan indarra genitalekin lotuta dagoela, sexua da. Gainerako lanetan garuna saltzen da, baina hori normalizatuta dago. 

Beste ertza gaixotasun mentalak dira. Zein ikuspegitik jorratzen ditu antzezlanak gaixotasun mentalak?

Mundu bat dago gaixotasun mentalen atzean. Nire amona psikiatriko batean egon zen eta tabu bat da hori nire etxean. Gertatu izan ez balitz bezala tratatzen dute, hobe aipatu ere ez egitea. 

Tabu horren aurkako ariketa egin duzu, ozen. Isiltasuna hautsi eta oholtza gainera eramanda…

Noski. Sortzeko nik nire bizitza pertsonala hartzen dut, eta nik uste antzezle guztiok egiten dugula. Lan egiteko modu bat da, gero eta gehiago. Argi neukan hau zela sortu behar nuena.

Obra honen bitartez zer gustatuko litzaizuke eragitea ikuslearengan?

Nire ustez, antzerkia gaur egun hausnarketa pizteko erraminta bat da. Kontrara, an-tzerkia gaur egungo balioak eta ideologia zabaltzeko erabiltzearen aldeko korrontea indarra hartzen ari da; eta, zintzotasunez, ez nago ados. Uste dut antzerkia ez dela irakaspenak emateko espazioa. Niri interesatzen zaidana da jendeak bere kabuz pentsatzea, eta bakoitzak bere bidaia egitea antzezlanarekin. Nik uste dut testua egina dagoela erraz hausnartzeko modu batean: probokatzailea da, umoretsua… Jendeari asko kostatzen zaio barre egitea obrarekin, ez dira ausartzen. Izan ere, antzezlana oso ironikoa da, azkenean umore beltza da. Pertsonaiak erabiltzen du umorea eta ironia egoera dramatikoari aurre egiteko.